2018(e)ko otsailaren 28(a), asteazkena

ARKTIAR KRONIKAK 8. Beroketa globala.




ARKTIAR KRONIKAK 8.
Beroketa globala.

Martxo amaieran gaude, Arktiar zirkulu polarra baino 150 km iparralderago. Eta hala ere, tenperaturak epelak dira, 0ºC ingurukoak. Eguzkipean pulka arrastaka daramagunean, zamarrak soberan daude, eta termometroak 0ºC gainetiko 7º edo 8ºC-ko pikoak erakusten ditu. Aparteko zerbait al dira hozbero hauek, ala aurrerantzean ohikoak bihurtuko al dira, azeri arruntak azeri artikoa ordezkatuko duen halabeharrezko modu berean? Hartz arreak hartz zuria ordezkatuko duen modu berean, apika, errefuxiatu klimatiko gizagaixo horiek bere azken iraungitzeraino ahituko direlarik…


1961- 1990 denboraldirako, Kirunako aireportuko erregistro historikoek martxorako emandako gehienezko tenperaturak -4.5ºC-koak ziren, gutxienekoak -11.8ºC-koak, eta bataz bestekoak -8.2ºC-koak. Apirilerako, gehienezkoak -0.6ºC-koak ziren, gutxienekoak -7.2ºC-koak eta bataz bestekoak -3.9ºC-koak. Datu horiek, ordea, beroketa globalak eta negutegi efektuko gasek egoera atzeraezinezko moduan alda erazi aurretik izan ohi zen. Egunotan, gure ibilerarekin gabiltzan bitartean, jasaten ditugun tenperaturak bataz besteko historikoak baino hamar bat gradu epelago izaten ari dira. Bai bertakoek, baita datu meteorologikoek ere, gure herrian dagoeneko ezaguna zaigun leloa errepikatzen dute: “Bai, hala da, oraingo neguak ez dira antzina bezalakoak inondik ere … Bai, elurren urtze aldia gero eta gehiago aurreratzen ari da … Tenperaturak leunagoak izaten omen dira, eta loratzea aurreratu egin da ere …” Nahiz eta panorama hau zenbaitetan erabat aldatu, izugarri hotzak diren erauntsien eraginez. Horrela gertatu zen aurtengo (2016) urtarrilean bertan, termometroa -37ºC-tara jaitsi zelarik (1942-ren ezkeroztik sekula izandako gutxieneko absolutua). Hori bai gogorra izan behar, hozbero horiekin bizpahiru astebetez eguneroko bizimoduari jarraitzen saiatzea! Horren aldean, guk egiten ari garen ibilaldia umeen jolasa dirudi!



Kontuak kontu, gu barealdiaz baliatu, arropaz arindu eta arrastoan aurrera darraigu. Hainbesteko epeltasunak baditu ordea bere trabak. Gure inguruko magalen estaldura zuriak gero eta soilgune gehiago erakusten ditu. Kezkaz erreparatzen diogu soilguneen etengabeko zabaltzeari, azkenerako magalak biluzik, inongo elurrik gabe agertzen direlarik. Elur nahikorik izango al dugu Nikkaluoktako gure helmugara iritsi ahal izateko? Eskien gainean ari naiz, noski. Oraintxe bertan, batzuetan pista baino ez bait dirau elurrez estalita, txakur-lerek eta elurrezko motoek zapaldutako elur izoztua.



Bidearen albo bietan, lur biluziak mikrokosmos zoragarri bat eskaintzen dio begiradari, orain arte geologi erliebeek eta urruntasunek eratutako paisaiarekin kontrastean. Goroldio eta likenen okre, arre eta gorrixkek, izozteek erretako belar izpiekin, sahats nanoen azalekin eta urkien zuriekin nahasten dira. Zein eder agertuko den tapiz hau uda hasieran, behin loratuta!

Baina oraingoz pista jarraituz aurrera goaz, edo elurrik gabeko aintzira baten azalera zabal izoztua zeharkatzen dugu, gainazaleko beirazko izotza baino ez, zenbaitetan haizeak zizelkatua, zenbaitetan duela asteak edo hilabeteak pasatako basapiztien urratsak bere baitan gordeaz. Harritzekoa, horrela izoztuta ikustea pasatzearen aztarna iheskorra baino izan behar ez zena… Beste batzuetan, urtzeak ur likidozko gainazal axal axalekoa sortu du, behatz bat edo bi sakoneraz, besterik ez. Pulkaren zama bustitzera iritsi ez arren, eskien gaineko ibilaldi luzeen sasoia amaitzear dagoela erakusten du.



Patxi Aiaratik






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina