ARKTIAR KRONIKAK 7.
Geldialdia ibileran.
Geldialdi bat
ibileran. Bale ilun baten bizkarraren antzera, olatu zurien artetik arroka
biluzia azaltzen da. Ainguratu nahian dabilen ontzia bezalaxe, tundra
elurtuaren erdian ageri den elurrik gabeko arrokak erakarri egiten gaitu.
Ezagunak zaizkit higadura glaziarraren hain bereizgarriak diren erliebe hauek, Pirinioetan
nahiko arruntak baitira. Kontenplazioan eta ibilera bakartian emandako tarte
luzeen ondoren, zein atsegina den berriz ere lagunekin elkartzea! Haizeari
bizkarra ematen, jatekoa eta edatekoa partekatzen dugu, berriketan aritzen gara.
Gure inguruan, bailara mugatzen dituzten magalak gero eta malkartsuago, alpetarrago
bihurtzen ari dira. Altuera galtzen ari gara, ordea.
Apur bat
harantzago, urkiak berriz ere agertzen dira, eta magal batzuk elurrik gabe
ageri dira, altze eta elur-oreinei sahats-nano eta likenez osaturiko bere bazka
eskainiz. Bazekiat Eskandinaviako elur-orein sasi basatiak ez omen direla
ikusteko zailak laponiar paisaian. Hala ere, kristoren ilusioa emango dit estreinako
aldiz bistaratzeak. Altze eme hori eta bere bi kumeak horrela ikustea, ordea, Kebnekaiseko
mendien kontra bere siluetak marrazturik, erabateko ezusteko atsegina izango da.
Berriz ere tundra atzean geratuko zaigu, agur elur-erbiak, agur elur-eperrak,
Pirinioetan urri eta iheskor diren bezain lasaiak hemen…
Patxi Aiaratik
![]() |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina