2018(e)ko otsailaren 5(a), astelehena

ARKTIAR KRONIKAK 6. Basa-bizitzaren hatsa.



 
ARKTIAR KRONIKAK 6.
Basa-bizitzaren hatsa.

Eskandinaviar tundra eta taigako jatorrizko biztanleen, samien bizimodua eta kultur materiala, elur-oreinaren etxekotzean zeuden oinarrituta. Gaur egun, hauen ondorengoak elur-oreinen artzain izaten darraite, abereak sasoiko transhumantzian laguntzen dituztelarik. Negu garaian, artaldeak taigako inguru baxuenetara eramanak izaten dira, elurte eta haizetetatik erlatiboki babesago, eta gizakien bizilekuetatik hurbilago. Han sasi askatasunezko bizimodua daramate, nahiz eta behar izanez gero bazka gehigarria eskaintzen zaien.

Urtaro aproposean, artaldeak larre garaietara itzultzen dira. Antzina bezala, samiek tundraraino jarraitzen dituzte, sasoia irauten duen bitartean borda multzo txiki batzuetan bizitzen jarriz. Pare bat aldiz, gure ibilerak orain bakarti eta utziak dauden saroi horietara eraman gaitu. Dozena bat egurrezko borda prefabrikatu, portxe txiki batez hornituak, giltzarrapoz itxiak. Haien ondoan, aterpe tradizionalak zutik diraute,  estoiko, gutxi edo asko izorratuta: kupula itxurako etxolak, egurrezko egitura bat tepez, goroldioz eta urki azalez babestua. 


Saroi horiek kokapen ezin hobea izan ohi dute, ur korronteen ondoan eta eguteran. Bordak oinarririk gabe eraikiak izaten dira, lur izoztuaren gaineko euskarri gisara egurrezko habe batzuk dauzkatelarik. Hartara, borda bakoitzaren azpian elurrik gabeko tartetxo bat agertzen da. Inguruko basa-bizitzak egokiera txukun horretaz baliatzen badaki. Aurkitzen dugun arrasto eta urratsen ugaritasun eta aniztasunak, hustutako saroiak lehen begiradan sortutako hondamen sentipena gezurtatzen du.


Negu gorriaren bete betean ere, bizitzaren hatsa ageri da. Marraskari txikiak, beleak, elur-eperrak.., borden azpiko belar zimelez elikatzen dira, arktiar azeriaren erasoak ekiditeko beti erne. Elur-erbiak, gure erbiak baino belarri motzagokoak, tupustean harrapatu nau nire ondoan ikaraturik jauzi egitean. Izozturik ez dagoen errekatxotik gertu (harritzekoa ere), aztarna kopurua are ugariagoa bihurtzen da. Tamaina galantako oinatz batzuk nire jakin mina eragiten dute bereziki. Jatunarenak ote (Golo golo)? Bere hamabost kg-ekin Europako mustelidorik handiena baita.


Baldintza apropos hauetan, basoa ere berragertu egiten da … nahiz eta miniaturazko basoa izan, lurretik metro erdi eskas batera altxatzen diren sahats nanoz osatua.


Patxi Aiaratik


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina