2018(e)ko otsailaren 3(a), larunbata

ARKTIAR KRONIKAK 5. Ibileraren alkimia



 


ARKTIAR KRONIKAK 5.

Ibileraren alkimia


Goiz berri bakoitzak tundrara ateratzen ikusten gaitu, egunetik egunera arinago dijoan pulkaz zamaturik. Bidea zabaltzen dugu bere elurrezko monotonian harrigarriki aldakorra den paisaian zehar, ia ozeanikoa bere tamainan. Emeki igo edo jaisten diren bailara zabalak jarraitzen ditugu, malkarrago edo leunago diren makularik gabeko magal zuriek mugatuta, ilunabarrean morez eta egunsentian arrosa zurbil batez tindatzen direnak. Alferrikakoa da edertasun askeko une hauek harrapatu nahi izatea, bazekiat, baina hala ere enkuadre egokiak bilatzeko jolasari gogoz ekiten diot, baita argitasunak memorian gordetzeari, begiradarenean nahiz argazki kamararenean.


Bigarren egunean, lepo bat zeharkatu ondoren, urkiak atzean geratzen dira behin betiko, eta mendialdeko tundran barneratzen gara, ia erabateko hustasunezko mundua. Arraroa da eremu hau, bere hustasunez hain betea. (Zeren, edo noren tankera antzematen diot?) Batzuetan, kolorea bera ere soberan dagoela ematen du. Elurrezko egiturak, beste aro geologikoei dagozkien erliebe glaziarrak. Zeharreko haran batetik mamut saldo bat agertzen ikus nezakeen zirkinik ere egin gabe. Apaingarri gabezi batek ez duena ikuspegia zapuzten, baizik eta beharrezkoa ez denaz eranztean, oinarrizkoena ikusgarri bihurtzen duen. Paisaia errealitatearen metafora bezala. Ibilera alkimia moduan. Lasta askatu eta arin ibili, funtsezkora laburtuta. Paisaiaren antzera. Arreta ernai, munduaren ikuskizun itzelera bildua, distrakzio (mental) gehiagorik gabe.
 


Ibileraren isiltasunean bakoitzak bere erritmoa aurkitzen du, esferen armoniari arnas hotsa eta elur izoztuaren gaineko eskien marruskadura baino ez zaizkio gehitzen. Gelditasunezko uneak. Nire lagunek urrun, magal elurtuan, arrastoa marrazten ari dira. Askotan, ia nahigabe, aurreratzen naiz edo atzeko aldean luzatzen naiz, inkontzienteki bakartasunaren bila. Bakartasun isila. Gelditutako denboraren zantzua, bailara hauek higatu zituzten glaziar erraldoi horiek lurrazalaren aurpegi zimurtutik atzo bertan erretiratu zirela esan zitekeen. Denborazko edo espaziozko erreferentzi punturik gabe. Zein zaila den distantziak kalkulatzea. Begira dagoen ikuslea besterik ez, eremu hauen izakera, edertasun isileko une hauen izakera bereganatu nahian.


Eguzkiak zenbaitetan paisaia indar itsugarriz argitzen du, baina beste zenbaitetan laino eta bisutsaren kontra aurreratu beharra dago. Egunen batean erori berria den elurrean zehar tokatu zaigu arrastoa nekez zabaltzea, baina gehienetan arin eta aise irristatzen gara, erromes alderraiei dagokien moduan. Eta horretan bihurtu garelarik, aurrera goaz, elurretan haizeak ezabatuko dituen urratsak baino ez utziz.



Patxi Aiaratik





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina