2018(e)ko urtarrilaren 4(a), osteguna

Sarrera



MUNDUAREN EDERTASUNA


Lur eremu zabala, haize zakarrak astindua. Zeruan, lainotzar ilunak arrastiriaren argitara. Apenas ezer estepa haren gainean, sastraka ziztrin batzuk, harritza zabalak. Eta argitasun xume bat han urrutian. Hurbildu gaitezen gehiago bertara. 

Kapusaietan bildurik, bi irudi ageri dira su txiki baten ondoan, isilik., Beharrak eta Zoriak, anai-arreba hilezkorrek, eternitatea daramate gizakien halabeharrak arakatzen eta erabakitzen. Gizakiok, anai-arrebaren oin belztuen inguruan eginahaletan dihardugun inurri ñimiñoak baino ez gara. Milurtetako behaketa arretatsuak, anai-arrebaren jakinduria eta bereizteko gaitasuna zorroztu egin ditu, eta bere onberatasuna areagotu. Haien epaiak ez omen dira izaten ez krudelik ezta latzik ere, ulerkorrak eta borondate onekoak baizik. Horregatik, jainkotiar bikotearen arreta nigan biltzen dela antzematen dudanean ez naiz beldurtzen, aitzitik, erabateko konfiantzaz libratzen naiz beraien iritzira.

-          Zer egingo al dugu Bakartiarekin, anaia? Zer dohain emango maitasunak bide bazterrean erortzen utzitako horri? Zeren beldur naiz ez ote zaion astuna izango bakartasuna, amaigabeak izango bere egunak, eta antzuak bere gauak.

-          Ez zaitez beragatik kezkatu, arreba. Munduaren edertasuna eskainiko diogu oparitzat Bakartiari. Beteak izango dira bere egunak, mirariez eta elkar topatzez beteak. Arinak joango zaizkio gauak, eta jende eta herri ugarik bere urratsen berri izango dute. Bidaiari deituko diote eta bidaiari bezala ezagutuko dute. Eta dagoeneko zahar eta nekaturik, zangoek bere burua eusteko gauza izaten ez direnean, oraindik gordeko du begiradan so egindako edertasun zaharren islada, ikusi eta ezagutu dutenen distira …




Patxi Aiaratik

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina