ARKTIAR KRONIKAK 3.
ARRASTOAN ZEHAR

Emeki emeki
neurrigabetasun zurian barruratzen goaz. Aurreneko joanaldian eta bigarrenaren
erdian, arrastoan zehar nahiko mugimendua dabil. Eskietako oinatzei elurrezko
motoena gaineratzen zaizkie, eta horietako batzuekin gurutzatuko gara. Errepide
eta trenbidetik ordu gutxitara baino ez gaude, eta nabaria da. Eskiatzaile
talde gehiago aurkitzen ditugu, batzuk pulkak garraiatuz, besteak motxila
bizkarrean. Interesgarria iruditzen zait erabiltzen dugun ekipamendua
beraienarekin alderatzea. Bertakoek eski zabalagoak darabilte, finkapena mota
desberdin ugariz hornituak, zahar eta traketsenetatik modernoenetara. Pulkak
dira nire arreta bereziki bereganatzen dutenak. Gureak baino luzeago eta
baxuagoak dira, eta gorputzari ziri zurrunen sistema baten bidez lotzen
zaizkio, ondorioz iraultzea zailagoa izanik. Inork gutxik ez du trabesiako
materialik erabiltzen, hemengo erliebe apal hauetarako ez baitira egokiak.
Bestalde, elur-raketen
laguntzaz oinez dabiltzanak daude, eta arnesez hornitutako zakur batez edo
bikote batez lagundutako eskiatzaileak, zakurrak uhalen bidez lotuak pertsonari
tiraka laguntzeko. Eta niretzat deigarriena, zakurrez tiratutako lerak. Zein
ederra den taldea hurreratzen nabaritzea, zakurrak pozaren pozez zaunka eta
arnasestuka aurreratzen gaituztelarik. Hori guretzat abantaila da, arrastoa
ezin hobea uzten dutelako. Egun pare batez musher
austriar batekin eta bere bezeroekin topatu gara. Bospasei leraz osatutako
karabana eratzen dute, lera bakoitza lau edo sei zakurrek tiratzen dutelarik. Behin
aterpera iritsita, musherrak lerro bat osatzen du zirga baten bidez, eta bertan
tarte erregularretara kateatzen ditu zakurrak, bakoitza bakarrik geratzen
delarik, janariagatik borrokatu ez dezaten suposatzen dut.
Adi egoten natzaie
egunsentian, goiztiriak magal elurtuak arrosaz tindatzen dituenean. Abere
bakoitza elurretan zulatutako sakonune txikian bere baitan bildurik, zai,
oraindik zamatu gabeko egurrezko lera lerdenen ondoan, musherrak eta bezeroek
zakurren gosaritarako haragia egosteko ura berotzen duten artean itxaroten. Haien
itxura iletsuak, aldi berean jostalari eta basatia, erakarri egiten nau, baina
baezpada ere ez naiz laztantzera ausartzen. Aparta izan behar da zure zakur
taldea zaintzea eta beraiekin ibilaldi luzeak egin ahal izatea, Nicolas Vanier
bezala. Bezeroek ordea ez didate inbidia askorik ematen. Azken finean, nahiz
eta zakurren zainketan lagundu, bidaian zehar bere burua garraiatzen uzten dute
besterik gabe, ariketaren bidez gorputza berotu gabe, eta badirudi hotz dezente
pasatzen dutela. Nahiago dut gure ibileraren autonomia, mantsoagoa baina
iraunkorragoa, nekezagoa baina kontzienteagoa.
Patxi Aiaratik
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina