2018(e)ko urtarrilaren 9(a), asteartea

ARKTIAR KRONIKAK 1. KIRUNA, SUEDIAR LAPONIAN




ARKTIAR KRONIKAK 1

KIRUNA, SUEDIAR LAPONIAN



Munduaren edertasuna … Eta hara nola ustekabeko eta nahiko bapateko modu batez, herrestan emana ikusi nuen nire burua Artikora. Izenaren ahoskatze soilaz ametsak esnatzen dituen agertoki horietako bat, Artikoa. Babes bakan horietako bat non ez den bakarrik ukitu gabeko natura basatiaren hala-holako irudi bat gordetzen, baizik eta horretaz gain, lotura bereziki estua gordetzen du nire lehen gaztaroko amets eta irakurketaldiekin. Jakin behar bait duzue eskaladore eta alpinista izan nahi aurretik, iparraldeko basoetan barna exploratzailea eta tranpa jartzailea izan nahi izan nuela … Ezinezkoa baitzen adin horrekin wilderness-aren deiari aurre egitea, Jack London eta Dersu Uzalaren istorioei ihes egitea.


Hemen gaude ba, Suediar Laponian, sami herriaren lurraldean, hain urrun eta hain gertu. Hegazkin ordu gutxi batzuk baino ez, eta dagoeneko zirkulu polarraren iparraldean, meatze-hiri txiki batean. Kiruna, itsuskeriaren zipriztinak natura liluragarriaren erdian, eta XXI garren mende hasieran gure gizarteak kudeatu behar dituen paradoxa eta kontraesanen erakusgarri aldi berean. Aire zabalean irekitako burdinazko piritaren meatzearengatik eta meatzearentzat sortutako barrutia. Mendeetan zehar ustiatutako mineral zainak agortzeko zorian daudela, hara zer eta beste neurrigabeko hobia aurkitzen den. Hobi berriaren ustiaketak, ordea, oraingo hiria erraustea suposatzen du km batzuk harantzago berreraikitzeko, zain berriak justu azpian daudelako. Batzuen protesten eta besteen etsipenaren artean hartutako erabakia. Eta zelatan dagoen putrearen antzera, txinatar kapitala lekua hartzen ustiapenaren monopolioaz jabetzeko.


Eta bitartean, zer da sami jendearekiko, jatorrizko laponiarrekiko? Tundra eta taigako jatorrizko biztanleak hemen ere baztertuak izan ziren eskandinaviar kolonoengandik, eta denbora luzez bigarren mailako hiritar bihurtuak. Gaur egun, aldeko epai judizialak lagun, burrukan ari dira bere arbasoen lurraldeekiko tradizionalki zeuzkaten eskubideak aitortuak ikusteko. Antzinako lurretan arrantza eta ehizari buruz arauak eta legeak ezartzeko eskumena kasu, zenbaitetan gaur egun erabateko gehiengoa suposatzen duen eskandinaviar populazioaren nahigaberako, edo besterik gabe haserrerako. Suediar ugarik bere buruari galdetzen diote ea zilegi den samiek nahi duten eskubidea beste suediarrei ehizarako sarbidea mugatzeko. Zer dela eta? Milaka urteetan arbasoak baso eta mendi hauetan bizi izanagatik besterik gabe? Azken finean, ez al dira suediarrak ere bertan jaio? Ez al dira guztiak eskubide berdinetako hiritarrak?


Sami herria, laponiarrak, 80 mila besterik ez dira lau estatuetan banaturik. Ray Bradburyk idatzitako kroniketako martziarrak gogorarazten dizkidate. Sumatzen da haien presentzia, baina ez da batere begi bistakoa. Iraupen birtuala folklore eta ikuskizun turistiko gisa izango ote da bere patua? Beraien hizkuntzak toponimian baino iraungo ez duen eguna iritsiko al da? Beste behin ere, zenbait arazo kudeatzeko demokraziak dituen mugak agerian geratzen dira. Eta suediarrak eta samiak ehiza kuota eta beda garaiengatik eztabaidan ari diren bitartean, makroekonomia eta enpresa trasnazionalak dira benetan eta isilean etorkizuna itxuratzen ari direnak. Guzti hau ordea, beste istorio bat da, beste batean azaldu beharrekoa. 

Patxi Aiaratik




 










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina