2018(e)ko urtarrilaren 16(a), asteartea

ARKTIAR KRONIKAK 2. LEHEN BIBAKA ARTIKOAN





ARKTIAR KRONIKAK 2.

LEHEN BIBAKA ARTIKOAN

 



Artikoa, hain urrun eta hain gertu. Trenbidean ordu pare bat besterik ez eta dagoeneko ari gara pulkak prestatzen. Pulkak gure ibilbidean erabili beharreko tresneria guztia garraiatzeko aukera ematen diguten lera txikiak dira. Sei egunez 110 km korrituko ditugu tundra, mendi eta basoetan zehar herrialdeko trekking ibilbide ezagunena jarraituz. Iraupen-eskiez mugituko gara, bidaiarako behar dugun janaria, kanpin denda eta gainerako guztia gurekin pulkan garraiatuz. Baina badakigu tarteka, 15-20 km-tako distantzietara, aterpeak egon badaudela non behar izanez gero babestu gaitezke. Arrats argitsu eta eguzkitsu batez abiatuko gara. Jarraitzen dugun pista ondo zapalduta eta markatuta dago. Paisaia ia laua ederra ageri da, elurtutako muino apalak urkiez estaliak. Zuhaitz itxura baino sasien itxura erakusten dute, hori bait dakar klimaren gogortasunak. Milaka, milioika urki ageri dira, eta bere azal zuri ikusgarriek distiratzen dute eguzkiaren argitara. Atzo elurra bota zuen, eta elur pintzelada arin batek nabarmentzen du adartxo eta kimu bakoitza. Ibaien ubidea eta aintziretako lautada zabalak baino ez dira elurraren besarkadatik libratzen, erabat izozturik baitaude.



Oharkabean denboraren jarioak ihes egiten digu, gaur ez gara iritsiko Abiskojaure aterpera, pentsatu bezala. Eguzkia jaisten hasi da eta itzalarekin batera hozberoa amildu egiten da. Zazpi, zortzi, bederatzi gradu zero azpitik. Bibakeatzea erabakitzen dugu, kanpin denda muntatzea eta afaltzea. Nire harridurarako hotz lehor hau eramangarri samarra da piriniar mendizale batentzat. Ikara batean jabetzen naiz, ordea, tenperatura hauetan nire gasezko sukaldetxoak ez duela ezertarako balio. Eskerrak lagunek gasolinazko sukaldetxoa dutela, primeran dabilena. Dendan sartzea erabakitzen dudanerako, termometroak kanpoan minus 14ºC markatzen ditu. Kanpotik, argitutako kanpin denda zoragarri ageri da gauerdian, pezio baten modura uhar baten korronte izoztuan hondoa joa. Afaldu, eta lo zakuetan sartzen gara. Minus 7ºC dendaren barruan. Bidaiaren gaurik hotzena izango den honetan, haurtxo baten antzera lokartuko naiz. Nire lehen bibaka Artikoan.


……………..


Gau beltza. Denda zabala izan arren, bost pertsona erosotasunez lo egiteko adinakoa ez da, ordea. Berez, Igor eta Josebaren asmoa aterpean lo egitea zen. Baina trenbidean izandako matxura baten erruz, egun erdiko atzerapenaz hasi da gure zeharkaldia. Gauza asko esan genitzake suediar trenbide konpainiak matxura eta atzerapenarekiko izandako kudeaketa exkaxa eta lardaskeroari buruz. Eskandinaviar eraginkortasunari buruzko gure aurreiritziak (Ikea, Volvo…) gainbehera doaz, kartaz eginiko gazteluaren antzera. Kontua da elkarren kontra estututa oheratuko garela, sardinak lata barruan bezala. Egoera horretan, bakoitzak egindako mugimendurik txikiena besteengana iristen da. Beraz, gau artikora pixa egitera ateratzeko prozesua neketsua izateaz gain lagunentzat gogaikarria da.



Oraingoan Joseba izan da dendatik atera dena, baina gure harridurarako, ez da bakarrik egongo. Bapatean aurrena elurrezko moto bat eta gero bigarren bat iluntasunaren sakonetik agertu eta bere fokuekin argitzen gaituzte. Polizia da. Pertsonaren bat eskiatzen bakarrik aurkitu ote dugun galdetzen digute. Antza, gaur aterpera iristekoa zen, eta ilundu duenean aterpeko zaindariak, kezkaturik, abisua eman du. Iritsi bezala, elurrezko motoak gauean galtzen dira bere errondarekin jarraitzeko.



Tundrako gau izoztuan gaueko hamaikak dira. Egia esateko, hain ondo markatutako eta hainbeste erabilitako estrata batean bidea galtzea harritzekoa ba da, behe-lainorik gabe eta ikuspen egokiaz behintzat. Alde batetik lasaigarria da jakitea behar izanez gero zaindariek eta erreskate taldeek azkar eta ondo erantzuten dutela. Hala ere, hotzikara sartzen zait tenperatura hauekin lo-zakurik gabeko gaua pasatu beharra irudikatze hutsaz, eta nire lagunek osatzen duten lumazko eta gorputzezko nahas-mahas bigun eta epelaren kontra are gehiago estutzen naiz.



Azkenik, galdutako pertsona aurkitua izango zen, eta aterpera eramana handik gutxira arazo larririk gabe.

Patxi Aiaratik 





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina