ARKTIAR KRONIKAK 8.
Beroketa globala.
Martxo amaieran
gaude, Arktiar zirkulu polarra baino 150 km iparralderago. Eta hala ere,
tenperaturak epelak dira, 0ÂșC ingurukoak. Eguzkipean pulka arrastaka
daramagunean, zamarrak soberan daude, eta termometroak 0ÂșC gainetiko 7Âș edo
8ÂșC-ko pikoak erakusten ditu. Aparteko zerbait al dira hozbero hauek, ala
aurrerantzean ohikoak bihurtuko al dira, azeri arruntak azeri artikoa
ordezkatuko duen halabeharrezko modu berean? Hartz arreak hartz zuria
ordezkatuko duen modu berean, apika, errefuxiatu klimatiko gizagaixo horiek bere
azken iraungitzeraino ahituko direlarik…

1961- 1990
denboraldirako, Kirunako aireportuko erregistro historikoek martxorako emandako
gehienezko tenperaturak -4.5ÂșC-koak ziren, gutxienekoak -11.8ÂșC-koak, eta bataz
bestekoak -8.2ÂșC-koak. Apirilerako, gehienezkoak -0.6ÂșC-koak ziren,
gutxienekoak -7.2ÂșC-koak eta bataz bestekoak -3.9ÂșC-koak. Datu horiek, ordea,
beroketa globalak eta negutegi efektuko gasek egoera atzeraezinezko moduan alda
erazi aurretik izan ohi zen. Egunotan, gure ibilerarekin gabiltzan bitartean, jasaten
ditugun tenperaturak bataz besteko historikoak baino hamar bat gradu epelago izaten
ari dira. Bai bertakoek, baita datu meteorologikoek ere, gure herrian dagoeneko
ezaguna zaigun leloa errepikatzen dute: “Bai, hala da, oraingo neguak ez dira antzina
bezalakoak inondik ere … Bai, elurren urtze aldia gero eta gehiago aurreratzen
ari da … Tenperaturak leunagoak izaten omen dira, eta loratzea aurreratu egin
da ere …” Nahiz eta panorama hau zenbaitetan erabat aldatu, izugarri hotzak
diren erauntsien eraginez. Horrela gertatu zen aurtengo (2016) urtarrilean
bertan, termometroa -37ÂșC-tara jaitsi zelarik (1942-ren ezkeroztik sekula
izandako gutxieneko absolutua). Hori bai gogorra izan behar, hozbero horiekin bizpahiru
astebetez eguneroko bizimoduari jarraitzen saiatzea! Horren aldean, guk egiten
ari garen ibilaldia umeen jolasa dirudi!


Kontuak kontu, gu
barealdiaz baliatu, arropaz arindu eta arrastoan aurrera darraigu. Hainbesteko
epeltasunak baditu ordea bere trabak. Gure inguruko magalen estaldura zuriak
gero eta soilgune gehiago erakusten ditu. Kezkaz erreparatzen diogu soilguneen etengabeko
zabaltzeari, azkenerako magalak biluzik, inongo elurrik gabe agertzen direlarik.
Elur nahikorik izango al dugu Nikkaluoktako gure helmugara iritsi ahal izateko?
Eskien gainean ari naiz, noski. Oraintxe bertan, batzuetan pista baino ez bait dirau
elurrez estalita, txakur-lerek eta elurrezko motoek zapaldutako elur izoztua.
Bidearen albo
bietan, lur biluziak mikrokosmos zoragarri bat eskaintzen dio begiradari, orain
arte geologi erliebeek eta urruntasunek eratutako paisaiarekin kontrastean.
Goroldio eta likenen okre, arre eta gorrixkek, izozteek erretako belar
izpiekin, sahats nanoen azalekin eta urkien zuriekin nahasten dira. Zein eder
agertuko den tapiz hau uda hasieran, behin loratuta!
Baina oraingoz
pista jarraituz aurrera goaz, edo elurrik gabeko aintzira baten azalera zabal
izoztua zeharkatzen dugu, gainazaleko beirazko izotza baino ez, zenbaitetan
haizeak zizelkatua, zenbaitetan duela asteak edo hilabeteak pasatako basapiztien
urratsak bere baitan gordeaz. Harritzekoa, horrela izoztuta ikustea pasatzearen
aztarna iheskorra baino izan behar ez zena… Beste batzuetan, urtzeak ur
likidozko gainazal axal axalekoa sortu du, behatz bat edo bi sakoneraz,
besterik ez. Pulkaren zama bustitzera iritsi ez arren, eskien gaineko ibilaldi
luzeen sasoia amaitzear dagoela erakusten du.
Patxi Aiaratik