ARKTIAR KRONIKAK 9.
Tundrako izpirituak.
Egurrezko borda
ireki batean emango dugu gure azken gaua, bide ertzean. Haren ondoan, ontziraleku
txiki bat ibai zabal baterako sargunea da, orain izotz pista bihurtua. Bihar,
bere ur jelatuen gainean eskiatuko dugu errepidearen bila. Tenperatura asko
epeldu da, 0ºC-en inguruan gabiltza. Zerua oskarbi darrai, ilunabar ederra
eskaintzen digu, eta ondorioz gaua izarpean pasatzea erabakitzen dut. Gaueko
10-ak aldera, irudi sotil, ia ohartezinezko batzuk ortziaren iluntasunean zirriborratzen
hasten dira. Minutu batzuetan zehar ez daukat oso argi zer den nire begiradaren
aurrean zabaltzen ari dena. Azkenean tundrako izpirituek erabat aztoraturik,
nire lozorrotik zeharo esnatu eta lagunei abisua pasatzen diedan arte. Aurora
boreala, iparreko argiak. Ia ordu betez, esmeralda koloreko argi-oihal moduko batzuk
gure buru gainean elkarri jarraika jolasean arituko dira, bere distira isilean
lurralde honen liluraren zati bat laburbilduz.
Artikoa, hain urrun
eta hain gertu. Behin etxera itzulita, bizipen hauek gogoratzean, han bizi
izandakoa eta egunerokotasunaren arteko kontrastea hain da gogorra, bidaia fantasiazko
eremu irrealaren baitan kokatzen zaidala kasik. Eta hala, gogoa eta oroimena
zirpildu egiten zaizkit beraien harizpiak haurtzaroko ametsekin nahasiz.
Bizitakoa eta amestutakoa bat egin eta elkar aberastu egiten dira. Eta azkenean
bizi izandako edertasuna baino ez zait geratzen, munduaren ikuskizun
zoragarria.
Eskerrak Sonia auroraren argazkiagatik
Patxi Aiaratik