2018(e)ko otsailaren 3(a), larunbata

ARKTIAR KRONIKAK 5. Ibileraren alkimia



 


ARKTIAR KRONIKAK 5.

Ibileraren alkimia


Goiz berri bakoitzak tundrara ateratzen ikusten gaitu, egunetik egunera arinago dijoan pulkaz zamaturik. Bidea zabaltzen dugu bere elurrezko monotonian harrigarriki aldakorra den paisaian zehar, ia ozeanikoa bere tamainan. Emeki igo edo jaisten diren bailara zabalak jarraitzen ditugu, malkarrago edo leunago diren makularik gabeko magal zuriek mugatuta, ilunabarrean morez eta egunsentian arrosa zurbil batez tindatzen direnak. Alferrikakoa da edertasun askeko une hauek harrapatu nahi izatea, bazekiat, baina hala ere enkuadre egokiak bilatzeko jolasari gogoz ekiten diot, baita argitasunak memorian gordetzeari, begiradarenean nahiz argazki kamararenean.


Bigarren egunean, lepo bat zeharkatu ondoren, urkiak atzean geratzen dira behin betiko, eta mendialdeko tundran barneratzen gara, ia erabateko hustasunezko mundua. Arraroa da eremu hau, bere hustasunez hain betea. (Zeren, edo noren tankera antzematen diot?) Batzuetan, kolorea bera ere soberan dagoela ematen du. Elurrezko egiturak, beste aro geologikoei dagozkien erliebe glaziarrak. Zeharreko haran batetik mamut saldo bat agertzen ikus nezakeen zirkinik ere egin gabe. Apaingarri gabezi batek ez duena ikuspegia zapuzten, baizik eta beharrezkoa ez denaz eranztean, oinarrizkoena ikusgarri bihurtzen duen. Paisaia errealitatearen metafora bezala. Ibilera alkimia moduan. Lasta askatu eta arin ibili, funtsezkora laburtuta. Paisaiaren antzera. Arreta ernai, munduaren ikuskizun itzelera bildua, distrakzio (mental) gehiagorik gabe.
 


Ibileraren isiltasunean bakoitzak bere erritmoa aurkitzen du, esferen armoniari arnas hotsa eta elur izoztuaren gaineko eskien marruskadura baino ez zaizkio gehitzen. Gelditasunezko uneak. Nire lagunek urrun, magal elurtuan, arrastoa marrazten ari dira. Askotan, ia nahigabe, aurreratzen naiz edo atzeko aldean luzatzen naiz, inkontzienteki bakartasunaren bila. Bakartasun isila. Gelditutako denboraren zantzua, bailara hauek higatu zituzten glaziar erraldoi horiek lurrazalaren aurpegi zimurtutik atzo bertan erretiratu zirela esan zitekeen. Denborazko edo espaziozko erreferentzi punturik gabe. Zein zaila den distantziak kalkulatzea. Begira dagoen ikuslea besterik ez, eremu hauen izakera, edertasun isileko une hauen izakera bereganatu nahian.


Eguzkiak zenbaitetan paisaia indar itsugarriz argitzen du, baina beste zenbaitetan laino eta bisutsaren kontra aurreratu beharra dago. Egunen batean erori berria den elurrean zehar tokatu zaigu arrastoa nekez zabaltzea, baina gehienetan arin eta aise irristatzen gara, erromes alderraiei dagokien moduan. Eta horretan bihurtu garelarik, aurrera goaz, elurretan haizeak ezabatuko dituen urratsak baino ez utziz.



Patxi Aiaratik





2018(e)ko urtarrilaren 26(a), ostirala

ARKTIAR KRONIKAK 4. ATERPEETAKO BIZITZA


 

ARKTIAR KRONIKAK 4.

ATERPEETAKO BIZITZA




Suediar Laponiako aterpeak egurrez eraikitako borda multzoak dira, mugagabetasun zurian galdutako herritxoen antzera. Eraikin bat zaindarientzat, eta bizpahiru mendizaleentzat, bakoitza ondo horniturik bere sukalde propioaz, egurrezko berogailuaz eta 25 l-tako bidoi pare bat urez. Beste etxola bat komuna izaten da, eta zenbaitetan azkeneko bat sauna bezala egokituta dago.




Zein atsegina den sutondoan esertzea ibilaldiko nekeak amaituta! Baina erosotasun hauen ordainean, bidaiariarengatik espero izaten da alde egin aurretik behar bezain beste sutarako egurra ebakiko duela, aizkoraz nahiz zerraz, eta gastatutako ura berrituko duela. Horretarako bidoiak garraiatu beharko ditugu ur putzuraino, batzuetan nahiko urrun. Aintzira edo erreka baten azalera izoztuan zerratutako zulo bati esker bidoiak bete eta gero arrastaka bueltan ekarriko ditugu. Zeregin horietan, eta sukaldeko lanetan, arratsaldea aise pasatzen da, eta konturatzerako iluntzen du. 



Zaindarien bizimodua Piriniotako eta Alpeetako zaindariena baino erosoagoa dirudi, baldintza klimatikoez ahazten bagara behintzat. Nahiz eta zenbaitetan janaria saltzen duten, aterpe hauetan ez dira ez afaririk ez bazkaririk ezta gosaririk ere zerbitzatzen, eta bidaiari bakoitzak otorduen ardura bere gain hartu behar du. 


Sarritan ongietorria emateko zaindariek basafruituez eginiko ardo moduko bat eskaintzen digute, bero zerbitzatzen dena eta primeran sartzen dena. Eta beti, hutsik egin gabe, oheratzeko garaian agertzen dira gure bordatxotik dena txukun eta behar bezala dagoela ziurtatzeko: gasaren giltza itxita, etab. 


Horietako bisita batean ia bete-betean harrapatzen gaituzte! Etzazue sekula santan sardina lata itxi bat utzi gori-gorian dagoen egurrezko berogailuaren txapa gainean! Ondorioak lehertzeko modukoak izan daitezke! Harvey Keitel-ek “Pulp Fiction” filmean hilketa baten eszenatokia garbitzen erakutsi zuen trebetasunaren parekoa erabiliz, ordea, gauza izan ginen zerrikeri guztia jasotzeko zaindarien ikustaldiaren aurretik. Zipriztinak sapairaino iritsiak ziren, alajaina! Ikustekoa zen sudurrak zimurtuz zer nolako harridura begiradak botatzen zituzten zaindariek, eskabetxe eta sardinen usain sarkorraren iturria ezin aurkituz.



Eguna amaitutzat ematen dugu. Joseba eta Igor bordaren berotasun goxoan geratzen dira, eta besteok gau hotzera ateratzen gara, gure kanpin denda eta lo-zakuaren bila.  
   

Patxi Aiaratik 


2018(e)ko urtarrilaren 21(a), igandea

ARKTIAR KRONIKAK 3. ARRASTOAN ZEHAR




 

ARKTIAR KRONIKAK 3.

ARRASTOAN ZEHAR




Emeki emeki neurrigabetasun zurian barruratzen goaz. Aurreneko joanaldian eta bigarrenaren erdian, arrastoan zehar nahiko mugimendua dabil. Eskietako oinatzei elurrezko motoena gaineratzen zaizkie, eta horietako batzuekin gurutzatuko gara. Errepide eta trenbidetik ordu gutxitara baino ez gaude, eta nabaria da. Eskiatzaile talde gehiago aurkitzen ditugu, batzuk pulkak garraiatuz, besteak motxila bizkarrean. Interesgarria iruditzen zait erabiltzen dugun ekipamendua beraienarekin alderatzea. Bertakoek eski zabalagoak darabilte, finkapena mota desberdin ugariz hornituak, zahar eta traketsenetatik modernoenetara. Pulkak dira nire arreta bereziki bereganatzen dutenak. Gureak baino luzeago eta baxuagoak dira, eta gorputzari ziri zurrunen sistema baten bidez lotzen zaizkio, ondorioz iraultzea zailagoa izanik. Inork gutxik ez du trabesiako materialik erabiltzen, hemengo erliebe apal hauetarako ez baitira egokiak. 



Bestalde, elur-raketen laguntzaz oinez dabiltzanak daude, eta arnesez hornitutako zakur batez edo bikote batez lagundutako eskiatzaileak, zakurrak uhalen bidez lotuak pertsonari tiraka laguntzeko. Eta niretzat deigarriena, zakurrez tiratutako lerak. Zein ederra den taldea hurreratzen nabaritzea, zakurrak pozaren pozez zaunka eta arnasestuka aurreratzen gaituztelarik. Hori guretzat abantaila da, arrastoa ezin hobea uzten dutelako. Egun pare batez musher austriar batekin eta bere bezeroekin topatu gara. Bospasei leraz osatutako karabana eratzen dute, lera bakoitza lau edo sei zakurrek tiratzen dutelarik. Behin aterpera iritsita, musherrak lerro bat osatzen du zirga baten bidez, eta bertan tarte erregularretara kateatzen ditu zakurrak, bakoitza bakarrik geratzen delarik, janariagatik borrokatu ez dezaten suposatzen dut.




Adi egoten natzaie egunsentian, goiztiriak magal elurtuak arrosaz tindatzen dituenean. Abere bakoitza elurretan zulatutako sakonune txikian bere baitan bildurik, zai, oraindik zamatu gabeko egurrezko lera lerdenen ondoan, musherrak eta bezeroek zakurren gosaritarako haragia egosteko ura berotzen duten artean itxaroten. Haien itxura iletsuak, aldi berean jostalari eta basatia, erakarri egiten nau, baina baezpada ere ez naiz laztantzera ausartzen. Aparta izan behar da zure zakur taldea zaintzea eta beraiekin ibilaldi luzeak egin ahal izatea, Nicolas Vanier bezala. Bezeroek ordea ez didate inbidia askorik ematen. Azken finean, nahiz eta zakurren zainketan lagundu, bidaian zehar bere burua garraiatzen uzten dute besterik gabe, ariketaren bidez gorputza berotu gabe, eta badirudi hotz dezente pasatzen dutela. Nahiago dut gure ibileraren autonomia, mantsoagoa baina iraunkorragoa, nekezagoa baina kontzienteagoa.


Patxi Aiaratik